XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gero berriro behatza sudurrean sartzen du.

Eta, azkenik, buruketak egiten hasten da.

Etxerako lanak ohi baino zailagoak iruditzen zaizkio.

Buruan beste arazoren batzuk darabiltzalako, seguruenik.

Buruan Anna daukalako ez zaizkio ateratzen kontuak.

Eta haserretu egiten da.

Baina berriro ere Annaz pentsatzen hasten da.

Eta nahiago luke berak Annaz ez pentsatzea.

Nahiago luke Matematikatan bakarrik pentsatzea, konzentratzea. Hori bakarrik, besterik gabe.

Holger etxeratu denerako, Benek ez du lehenengo buruketa bera ere bukatu.

Holger jatorra da. Pozik laguntzen dio.

Eta Ben hasi da buruketak nola egin behar diren gogoratzen.

Ez dira hain zailak.

Baina bere buruan Anna eta Matematika nahasten direnean, noski, ez zaizkio ateratzen.

Bukatu bezain laster, Benek galdetzen dio ahapeka: - Aizu, Holger, zer da maitemindurik egotea?.

Holger bere gelara sartzera zihoala, itzuli berriro eta gaiari emozioa emanez, geroxeago erantzuten dio: - Zeharo jota al zaude zu, kaxkajo hori? Holgerrek, bera handia dela adierazi nahi duen bakoitzean kaxkajo deitzen dio.

Benek ezpainei hozka egiten die.

Holger ohartu da gaizki egin duela eta eskua jartzen dio sorbalda gainean Beni.

- Txantxetan esan dizut. Itsu-itsu maitemindurik?- galdetzen dio.

Baietz dio Benek. Eta ez dio beste ezertxo ere esaten. Holgerrek barre egingo lioke.